OSASUNGINTZAKO LANGILEOK EUSKARAREN ALDE
PAZIENTEAK, LANGILEAK ETA EUSKARA ERDIGUNEAN EZ BADAUDE, EZ DA OSASUN ARLOKO HERRI-ITUNA.
Euskal Herrian Euskaraz eta Aintzat mugimendua
Osasun arreta oinarrizko eskubidea da, bizitza-kalitatearen eta ongizatearen funtsezko zutabeetako bat. Nekez eraiki daiteke bizikidetzan eta elkarbizitzan oinarrituriko gizarte bat kalitatezko osasun arretarik gabe.
Euskara da Euskal Herriko hizkuntza propioa, nahiz eta, soilik, lurraldeko eremu batzuetan izan ofiziala. Edonola ere, euskal herritar guztiek daukate euskaraz jakiteko eta euskara erabiltzeko eskubidea; hala nola, administrazioarekin harremanak euskaraz izateko eskubidea, ahoz zein idatziz. Hori horrela, osasun arreta euskaraz ere eskaini, eman eta bermatu behar da.
Indarrean eta eskura dagoen ebidentzia zientifikoak argi uzten du komunikazioa gakoa dela kalitatezko osasun arreta bermatzeko eta, horrenbestez, gaixoak hautatutako hizkuntzan izan behar dela. Edonon eta edonoiz, maila guztietan (lehen mailako arretan zein ospitaleko arretan), ahoz zein idatzizko harremanetan.
Paziente euskaldunei osasun zerbitzua euskaraz eman beharra dago, derrigorrez. Hori horrela, Euskal Herriko alderdi politikoei, sindikatuei, unibertsitateei nahiz dagokien eragileei honako eskaera hauek egiten dizkiegu:
1) Osasun sistema publikoaren oinarriak arretaren kalitatea eta ekitatea dira. Osasun arreta euskaraz oinarrizko eskubidea da, bermatu beharrekoa. Pazienteen hizkuntza-eskubideak errespetatu behar dira, edonon, edonoiz, maila guztietan, ahozko zein idatzizko harremanetan.
2) Lehen mailako arreta euskaraz eskaini eta eman behar da leku guztietan, baina, lehentasunez eta urgentziaz, UEMAko herrietan, euskararen arnasguneak baitira.
3) Epe laburrean arreta hau bermatzeko, UEMAko herrietatik eta lehen mailako arretatik abiatuta, euskarazko zirkuituak abiarazi behar dira. Ospitaletako arreta espezializatua ere euskaraz emateko aukerak eta baliabideak identifikatuz, arreta ospitalarioan ere euskarazko arreta bermatzeari begira (edonon eta edonoiz, maila guztietan, ahozko zein idatzizko harremanetan).
4) Euskarazko arreta emateari begira, ikasketa heziketa prozesu, gradu eta egoitza oro euskaraz bermatu eta lehenetsi behar da, lanbide heziketan, unibertsitateetan, osasun arretaren formakuntza esparru guztietan eta osasun zentro zein ospitale orotan. Profesionalen prestakuntza hobetu behar da eta euskararen presentzia normalizatu, bai euskarazko edukiak bai euskarareriko jarrerak hobetzeko asmoz.
5) Euskarazko arreta eskaini behar da, gaixoak eskatzera behartu gabe.
6) Historia klinikoa euskaraz lantzeko eta jasotzeko aukera bultzatu behar da.
7) Euskaraz emandako arreta profesionala langileen Lanbide Garapenean, hala nola, ESIen ebaluaketan kontuan hartu beharko da.
8) Osasun sistema publikoak arreta euskaraz emateko baliabideak sortu eta garatu behar ditu, euskal gizartean elkarbizitza sustatuz eta nazioartean lidergoa eskuratuz.
Hori guztia kontuan hartuta, kalitatezko osasun arreta (euskaraz) eskatzen dugu. Bada garaia, besteak beste, kalitatearen irizpideetan oinarrituta osasun arreta euskaraz bermatzeko, bada garaia euskaldunak ere kontuan hartzeko eta, egun, EAEko Osasun Itunaren osaketan dihardutenei ere, eskakizun horiek berma ditzatela exijitzen diegu.
Ez da herri-itunik egongo, ezta elkarbizitzarik ere, euskarazko osasun arretarik ezean. Hori guztia kontuan hartuta, kalitatezko osasun arreta (euskaraz) eskatzen dugu.
Euskal Herrian Euskaraz eta Aintzat mugimendua
LiberaForms erabiliz erabili.liberaforms.org webgunean egina