Amurrion euskaraz bizi nahi dugu!
Lee el manifiesto en castellano aquí
Azken hamarkadetan urrats esanguratsu asko eman dira euskararen biziberritze prozesuan. Euskaltegiak, ikastetxeak, komunikabideak, erakunde publikoak, euskara taldeak, kultur zein kirol elkarteak, eragile sozialak, norbanakoak… Guztien ekarpena berebizikoa izan da hizkuntzaren normalizazioan aurrera egiteko.
Bide horretan, ezinbestekoa izan da beti elkarlanerako espazioak sortzen saiatzea. Erakunde mota ezberdinen arteko elkarlana, herritarren artekoa, ezberdinen artekoa. Inurri lan handiari esker, kontsentsu zabalak lortu dira euskararen biziberritzera bidean, eta hemendik aurrera ere horretan jarraitu behar dugu.
Baina, lorpenak lorpen, ezin gara geldirik egon. Euskararen kale erabilerak ez du gora egin eskualdean azken sei urteetan, eta beste hainbat esparrutan eginiko ikerketek ere kezkatzeko moduko datuak plazaratu dituzte. Euskara bidegurutze batean dago, eta bada unea bultzada berria emateko.
Bide horretan, funtsezko zeregina betetzen dute Aiaraldea bezalako euskara hutsezko komunikabideek. Eta, horregatik, beharrezkoa da instituzio publikoetatik euren jarduna ekonomikoki eta sozialki babestea, berebizikoa baita hizkuntzaren biziberritzerako.
Horregatik guztiagatik, honakoa eskatzen dugu:
-
Amurrioko Udalak udalerriko zein eskualdeko euskalgintzaren eragileekin elkarlana estutzea, euren aldarri eta proposamenak babestea eta horietan aktiboki parte hartzea, modu horretan, euskararen biziberritzean eragile aktibo bilakatzeko.
-
Amurrioko Udala Aiaraldea Komunikabidearekin biltzea, bi entitateen arteko elkarlana berriz martxan jarri eta normalizatzeko.
-
Amurrioko Udalak Aiaraldea Komunikabideari azken hamabi urteetan eman dion diru-laguntza berrezartzea eta babes ekonomiko horren zenbatekoa eguneratzea, eskualdeko gainontzeko udalek egiten duten ekarpenarekin parekatuz.
Era berean, eta elkarlan horretan sakontzeko beharra aldarrikatzeko, datorren ekainaren 21ean (ostirala) arratsaldeko 19:30ean Juan de Urrutia plazan elkartzeko deialdiarekin bat egiten dugu.
Euskarak denona izan beharko lukeelako, eman ditzagun horren aldeko urratsak.
Made with LiberaForms at erabili.liberaforms.org